XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

2. GOGOETA BI ETA LAU EGINKIZUN

Euskal Elizak 30 urteotan euskal liturgiaren arloan eman dituen urratsak, bat bestearen ondotik, jarraitu ditugu.

Eta konturatuko ginen noski, urrats edo pauso hoietako batzuk baldar eta traketsak izan direla, beste asko ordea sendo eta zuzenak.

Orain litzake ordu ona hortaz azterketa zabal eta kritika zorrotz bat egiteko.

Eta behar bada gauza egokia ere bai.

Baina nik ez dut hortarako asmorik.

Nahiago dut, orain arteko bidetik iritxi garen lekuan atsenaldi bat harturik, berriz atzera begiratzen hastea baino, aurrera gainbegiratu bat ematea, gaurtik aurrera egiteko zer gelditzen zaigun eta nola egin genezaken ikusteko.

Nik labur labur adierazi nahi ditut une hontan burura datozkidan zenbait gogoeta eta zer ikusten dudan eginkizun.

Behar bada egoki litzake azterketa hau taldean ere egitea, gauzak alde askotatik begiraturik argiago eta zuzenago ikusten bait dira.

2.1. Liturgi batzordeen ekinbideak.

Orain urte batzuk, Kontzilioaren eraginez liturgia berritzean, liturgi zaletasun bizi bat sortu ba zen Eliza osoan eta gure Herrian, gaur ez da horrela.

Gaur krisialdi batean erori gara.

Elizak hustutzen ari zaizkigu, gazte jendea beste bide batzutatik dabil, kristau oinarri eta irizpide asko zalantzan jartzen ditugu...

Eta liturgiari ez diogu garrantzi haundirik eman.

Egia da liturgia ez dela giltza majiko bat denetarako.

Baina egia da ere liturgiak gaurko egoeran baduela balio eta indar berezi bat kristau fedea argitzeko eta pizteko.

Kristautasuna jakintza eta teoria bat baino areago bizitza eta experientzi bat baldin bada, experientzi hori baitipat liturgi ospakizunetan gertarazten da.

Hortaz kontzientzi bizi bizia behar dugu fededunok eta batez ere apaizak.

Elizbarruti bakoitzean, arziprestegi edo bailara bakoitzean, parroki bakoitzean, eta berdin Erlijiosoen Etxeetan, badira noski liturgi batzordeak edo arduradunak, aspaldion zer egin haundirik gabe daudenak.